2016(e)ko urriaren 28(a), ostirala

Aitzin gogoetak 1

Libretatxoa argitaratzen hasi ondoren, beste libretatxo batean aurrez beste bi gogoeta nituela ohartu naiz. Orain argitaratzen ditut. Hau lehenengoa da.

Arazo sakon batetik irteteko prozesua, bizikletan ibiltzen ikastearen prozesuaren oso antzekoa da. Bizikletan ibiltzen ikasten hasten garenean, arazo sakonetan bezala, ez dugu horretan esperientziarik; eta ondorioz, ez dugu behar besteko konfiantzarik. Horregatik, eta ez dugulako oreka menperatzen, bi gurpil lagun gehitzen dizkiogu atzeko gurpilari, guztira lau gurpil dituen bizikleta sortuz. Horrela, txirrindularitzan lehen urratsak ematen hasi gaitezke. Esperientziak, konfiantza ematen digu eta horrela ibiltzen gara, "jolas" hori txikia egiten zaigun arte. Orduan, gurpil txiki bat kendu, eta hiru gurpilekin, oreka lantzen hasten gara. Horrela, bi gurpilekin ibiltzen hasten ausartzen garen arte. Aski izango da, une batez, esku lagun baten babesean, oreka hartu eta bizikletarekin lehen hegaldia egiteko. Etorkizunean, hobetu dezakegu, baina, ikasitakoa ez dugu ahantziko, istripu bat ez badugu behintzat.

2016/III/5
Etxean 

 

2016(e)ko urriaren 17(a), astelehena

Burujabetzaren bidea



Erabat burujabe naizela ohartu nintzenean, hau da, nire ekintzen, erabakien, hitzen, pentsamenduen, ekintza ezaren, harremanen, sentipenen, arazoen… eta haien ondorioen erabateko arduraduna naizela ohartu nintzen egunetik, nire bidea aurkitu nuen. Erabateko burujabetasunean askatasunez bizi izatea. Gainera, oharkabean bada ere, beti burujabe naizela eta beti burujabe izan naizela ikasi dut, eta beste guztiak ere hala direla, garela.

Eta garrantzitsuenaz jabetu nintzen, nire bidea utzi ezkero, arazoetan eroriko nintzela ohartu bainintzen.

2016/III/28
Etxean

2016(e)ko urriaren 10(a), astelehena

Irakasleak



Irakasle ona izan nahi duen orok, ez du inoiz ikasteko gogoa galdu behar. Ondo irakasten jakin behar du, baina batez ere, bere ikasleengandik ikasteko duen guztia ikasteko gai izan behar du. Batez ere, ikasle txarrenengandik ikasteko gai izan behar du.

Ikasle txarrak,ordea,bere burua irakasle lanetan jartzen duenean irakasle txarrenean bihurtzen da. Ez du bere ikasleengandik ikasten, ezta ikasi nahi ere, eta ez daki irakasten, aurrez ez baitu ikasi nahi izan. Horregatik sartu zaigu irakasle, aurrez ikasi nahi izan ez duenez, orain ere ez du ikasi nahi, horrela, irakasle izanda, etorkizunean ere ez ikasi behar izateko.

Nork nahi du horrelako irakaslea?

Besteok guzti honetaz ohartzen ez garela uste al du?

Irakasle txarrak, edozein ikasle edo irakaslerentzat irakasgai bakarra dauka, ikasle txarrarena. Errepertorioa laster amaitzen zaionez, beti huts berean erortzen da, eta errepikapen honi esker, berehala antzematen zaio.

2016/III/26
Etxean