XXI
mendean, hasiera honetan behintzat, itxura nagusi da. Guztia kanpora
begirakoa da, besteok ikustekoa, guztiok besteoi begira, kanpora so;
konponbidea beste inork, kanpotik ekarriko digulakoan itsuki sinetsita.
2015-2016ko
negua, ezagutu dugun beroena izan omen da, eta bitxikeria gisa,
plumiferoak, artilezko txanoak, bufanda erraldoiak… modan egonik, inoiz
baino gehiago saldu dira. Kontraesan nabarmena, eta aurpegi gorritu
gehiegi.
Dendak, tabernak, komertzioa orokorrean kanpora begira, kalea hartzen, espazioa okupatuz. Ez al da kezkatzekoa? Dirudienez… ez.
Guztiak
kanpora begira, etorkizunari eskean, oraina ahazturik, iragana
errepikatzen. Hainbeste urte horrela. Hitz gehiegi eta ekintza gutxi
hauek eusteko, ekintza gehienak, hitzak hausteko erabiltzen baitira
oraino. Ez al gara ohartu,oraindik, horrela ez genuela ezer lortu, ez
garela ezer lortzen ari eta ez dugula inoiz ezer lortuko?

Guztiak
kanpora begira, guztiak begira, gutxi batzuek zain, eta hauetako
gehienak, denbora gehiegi zain egotera ohiturik, zain egotera
kondenatuak. Horrela, nola edo noiz ohartuko gara konponbide osoa gure
baitan eta gure esku dagoela, beti egon dela eta beti egongo dela?
XXI.
mendean, pose gehiegi, itxura nagusi, orokortua. XXI. mendean
oharkabetasuna nagusi, menperatzaileak nagusi. XXI.mendean, azal asko
eta mami gutxi. Ardi galdu gehiegi, artalde izaera nagusi eta artzainik
ez.
XXI.
mendean, posea izatea erailtzen ahalegintzen ari da. Posea ez da
poesia. Posea, oskol huts bat baino ez da, fosilizatutako jarrera
errepikatu zatar bat. XXI. mendean, txikiak (ez naiz haurrez ari, noski)
handi eta handiak txiki.
XXI. mendean, halere, eguzkia eta argia nagusituko dira. Beti, orain eta hemen.
2016/III/30
Etxean