2017(e)ko martxoaren 28(a), asteartea

XXI. mendean

XXI mendean, hasiera honetan behintzat, itxura nagusi da. Guztia kanpora begirakoa da, besteok ikustekoa, guztiok besteoi begira, kanpora so; konponbidea beste inork, kanpotik ekarriko digulakoan itsuki sinetsita.

2015-2016ko negua, ezagutu dugun beroena izan omen da, eta bitxikeria gisa, plumiferoak, artilezko txanoak, bufanda erraldoiak… modan egonik, inoiz baino gehiago saldu dira. Kontraesan nabarmena, eta aurpegi gorritu gehiegi.

Dendak, tabernak, komertzioa orokorrean kanpora begira, kalea hartzen, espazioa okupatuz. Ez al da kezkatzekoa? Dirudienez… ez.

Guztiak kanpora begira, etorkizunari eskean, oraina ahazturik, iragana errepikatzen. Hainbeste urte horrela. Hitz gehiegi eta ekintza gutxi hauek eusteko, ekintza gehienak, hitzak hausteko erabiltzen baitira oraino. Ez al gara ohartu,oraindik, horrela ez genuela ezer lortu, ez garela ezer lortzen ari eta ez dugula inoiz ezer lortuko?

 

Guztiak kanpora begira, guztiak begira, gutxi batzuek zain, eta hauetako gehienak, denbora gehiegi zain egotera ohiturik, zain egotera kondenatuak. Horrela, nola edo noiz ohartuko gara konponbide osoa gure baitan eta gure esku dagoela, beti egon dela eta beti egongo dela?

XXI. mendean, pose gehiegi, itxura nagusi, orokortua. XXI. mendean oharkabetasuna nagusi, menperatzaileak nagusi. XXI.mendean, azal asko eta mami gutxi. Ardi galdu gehiegi, artalde izaera nagusi eta artzainik ez.

XXI. mendean, posea izatea erailtzen ahalegintzen ari da. Posea ez da poesia. Posea, oskol huts bat baino ez da, fosilizatutako jarrera errepikatu zatar bat. XXI. mendean, txikiak (ez naiz haurrez ari, noski) handi eta handiak txiki.

XXI. mendean, halere, eguzkia eta argia nagusituko dira. Beti, orain eta hemen.

2016/III/30
Etxean

2017(e)ko martxoaren 27(a), astelehena

Emakumeei opari eta gorazarre


Dagoeneko bi aldeen eredu guztiak errepikatzeraino gauzatu ditugu. Emartea izan bazen, gizartea, izateari uzteko bidean da, azkenetan.

Eredu berriak behar ditugu, emarteak, gizarteak, berea eman dute.Orain, bion artekoa tokatzen da, uztarketa. Hau da, ARTEA egiten hasi behar dugu. 

2016/III/30
Etxean

2017(e)ko martxoaren 7(a), asteartea

Arazoak eta laguntza

Edonork, erabaki baten edo erabaki askoren ondorioz, arazoetan sartzeko ez du inoren laguntzarik behar. Arazoetan sartzeko bera bakarra aski da.

Baina ondoren, arazo horietatik irteteko laguntza beharrean aurkitzen da, nahi eta nahi ez, behartuta.

Laguntza hori onartzen duenean,ordea, bide hori hasi zuen bezala egin dezakeela ikasiko du. Arazoetan bakarrik sartu eta bakarrik irten daitekeela ikasi, eta hau, bizikletan ibiltzea bezala, ez zaio inoiz ahaztuko. Urrats honekin, bere buruarekiko konfiantza berreskuratu edo indartu egingo du.



2016/III/30
Etxean

Abiadura gehiegi

Zertarako hainbeste abiadura?
Nork hautatzen du bide azkarrena,
ederrena hauta dezakeenean?



2016/III/29
Ibai ondoan (Gauez)

Mamitzen



Gauean lo egiten dugunean,
eguna mamitzen ari gara.

2016/III/29
Reynan (Gauez)

Neurri kontua da

Edozer gauza, materiadun edo materiagabe, nahiz eta osasunerako hoberena izan, neurriz kanpo erabiltzen edo egiten badugu toxiko bihurtzen da. Neurri kontua da.



Norberak jartzen du neurria, hobe esanda, norberaren gogoak, gorputzak eta osasunak bat egiten dutenean aurkitzen dugu. Orduan soilik agertzen baitzaigu neurri zehatz hori.

2016/III/29
Lezon (Gauez)